Xole Mariluz
Euskal Herriko Meatzaritzaren museoak erakusten digu, astoak langilea baino gehiago balio duen ekoizpen sistema
Uda egun goxo hauetan berdin deliberatuko duzu Bilbon gaindi ibiltzea. Han bada museo bat gaitza, erraldoia, Euskal Herriaren azken bi mendetako historia, ekonomia
eta jendartea ulertzeko ezin hobea dena.
Bertze merito bat ere badu : ekonomia kapitalistak izan zuen garapen gaitzaren berri ematen dauku.Museo natural hori eraiki izan da gai bakar baten inguruan : burdin-mea.
Bilbo aldeko meategietaz ari naiz. Mendi mazeletan utzitako zilo erraldoiek harridura eta errespetua bezalako sentimenduak piztuko dauzkizute.
Harridura, lauzpabortz futbol zelaietako zabalera eta ehunka metrotako sakonerako hainbertze ziloen paisaia zinez berezia baita. Gaur egun zilo batzuk urez bete dituzte laku artifizialak
sortuz eta belarra ere pusatu da "ilargi paisai" hauek goxatuz.
Errespetua ere, eremu horiek moldatu dituzten milaka eta milaka langileei pentsatuz.
Lana eta kapitalaren beharra
XIX. Mendean, Ingalaterratik abiatu eta Europa osorat hedatu zen industrializazioak burdinaren behar haundia sortu zuen. Bizkaiako burdin mea ezin egokia zen: burdinez aberatsa, erauzteko errexa
lur azalean baitzen eta mea zuzenean itsasontzietarat garraiatzeko kokatua.
Baina burdina erauzteko bi ezinbertzeko elementu behar ziren: lana eta kapitala.
Kapitalari doakionez, arazorik ez. Industrializazioarekin batera Ingalaterra, Belgika edota Frantzian sorturiko enpresa handiek erauzte enpresak plantatu zituzten meategi eremuetan berean.
Lanari doakionez Bizkaia osotik jiniko langileak ez zirenez aski etorkinen jario gaitza sortuko zen Espainiako Estatu osotik (Galizia, Gaztela, Aragoitik ...), miseria gaitza baitzen garai
hartan.
Ekoizpen sistemaren aldaketa: kapitalismoa.
Meategi horiek aspalditik baliatuak ziren tokiko biztanleengandik. Izan ere inguruko baserritarrak uda aldean, baserriko lanak utzirik, mendi horietarat upatzen ziren eskualdeko burdinolek eskatzen
zuten burdina erauzteko.
XIX. Mendetik landa ezarri zen esplotazio sistema aldiz guziz bertzelakoa izan da. Langileak alde bat eta urte osoan meategietan ari ziren, tresneria, enpresak luzaturik eta dinamitaren erabilera
sistematizaturik.
Karl Marx-ek zion bezala langileari lanerako tresneria kenduko zaio eta geldituko zaion aberastasun bakarra: lan indarra.
Lan baldintzak ere guziz Marx-ek irudikatu zituenaren gisakoak ezarri ziren: eguneko jornala, jalgiriko burdin pisuaren araberakoa, janaria eta loa doi-doi ordaintzekoa, hots, lan indarra
eraberritzekoa.
Sistema bururaino pentsatua
Sistema, bururaino pentsatua izan zen langileen bizkar ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Behartuak ziren janaria enpresaren dendetan hartzea:
Bilboko hiritarrek nahi ez zuten janaria eta prezio garestiagoan. Gisa berean enpresak alokaturiko egurrezko txabola negargarrietan lo egiten zuten. Euria ari zuelarik, Euskal herrian maiz,
jornalarik ez zuten eskuratzen, lan egin ezinean, baina jana eta loa ordaindu behar. Ondorioz gehienak zorretan ziren. Enpresak jornalatik, loa, janaria eta zorrak atxikitzen zituenez
langileak ez zuen dirurik ere ikusten.
Ezin zuen bertze enpresa baterat joan nagusien artean zordunen zerrenda beltza osatzen baitzen eta zorra kitatu arte ez zen nehun kontratatzen.
Asto batek langilea baino gehiago balio zuen, bazka eta ikuilu hobea zuen nagusiarena baitzen. Langile bat hiltzen zelarik bertze batek bere lekua berehala hartzen zuen. Hil batek diru gutiago
kostatzen zi-tzaion nagusiari eri batek baino.
Zoaz Gallartarat sar zaitez meatzari ohiek berek hornituriko museo ttiki hartan eta ondotik ibili zaitez zilo erraldoi artean, La Arboleda izeneko meatzarien hiria ahantzi gabe. Ni bezala agian
langile horiek utzitako aztarnen aitzinean makurtuko zara.
Jeudi 30 août 2007
4
30
/08
/Août
/2007
22:59
-
Publié dans : Ekonomiaz - Economie à contre-courant
0
Commentaires