Gorka Bueno, EHUko irakaslea eta energia berriztagarrietan ikertzailea
Petrolio merkearen agorpenak energia krisi sakon baten aurrean jartzen omen gaitu. Krisiaren eragina sakona izango da garraio sektorean: IEAren arabera, garraioak munduan
azkeneko energia kontsumoaren %26 eskatzen du, eta horren %94,4 petrolioaren deribatuen kontsumoa da.
Posible al da garraioa petroliorik gabe? Beste alternatiba batzuk ere egon, badaude: auto elektrikoak, hidrogenoaren teknologia eta bioerregaiak, besteak beste.
Hala ere, petrolioa nagusi da, hiru ezaugarri zoragarri dituelako.
Alde batetik, petrolioaren energia den-tsitatea oso altua da, 42 megajoule kilogramoko (MJ/kg). Elektrizitatea nekez biltzen da eskala handiz -bateria onenen energia-dentsitatea 1 MJ/kg baino
baxuagoa da-, eta horren ondorioz auto elektrikoen autonomia murritzagoa da, ezinbestez. Hidrogenoari dagokionez, haren energia-dentsitateak petrolioarena ia hirukoizten du (112 MJ/kg). Hala ere,
hidrogenoa gas arinena denez, haren biltegiratzeak presio altuak eta bonbona bat eskatzen ditu, sistemaren energia-dentsitatea nabarmen murriztuz; hura hobetzeko era likidoan bilduz, berriz, zero
absolututik 14 graduraino hoztu behar da hidrogenoa, gasolinaren tangaren sinpletasunetik oso urrun.
Beste alde batetik, petrolioa likidoa da giro-tenperaturan. Horrek, haren bilketa eta leku batetik bestera pasatzea guztiz errazten ditu. Izaera likidoaren garran-tziaz ez gara ohartzen
petrolioaren deribatu likidoekin arras ohituta gaudelako, baina erabat funtsezkoa eta determinantea da. Auto baten depositua hidrogeno likidotuaz betetzea, edo presio altuan, gasolindegian egiten
dugunetik oso urruti dago. Teknologikoki bideragarria bai, baina kostuak... Gainera, hidrogenoa elektrizitate bihurtzen duten erregai-pilen efizientziak diesel motorearena baino altuagoak izan
arren, haien kostuak eta fidagarritasuna gasolinazkoenetatik oso urrun daude oraindik.
Auto elektrikoen kasuan, bateriak gasolinako tanga betetzeko behar den denbora berean kargatzeak, elektriko bihurtutako gasolindegi gutxi batzuen atzean zentral nuklear bateko potentzia jartzea
eskatuko luke, depositua gasolinaz betetzearen energia transferentzia-tasa -potentzia- izugarria baita. Bateriak askoz astiroago kargatu daitezke, askoz murritzagoak diren potentziak eskatuz, baina
noski, hori ez da hain erosoa...
Gainera, elektrikoa den edo hidrogenoz elikatutako garraioaren ugaltzeak, guztiz deszentralizatuta dagoen sektore baten berrikuntza osoa eskatuko luke. Petrolioarekiko mendekotasuna hautsiko lukeen
garraio sistemarako trantsizioak beharko lituzkeen inbertsioak egundokoak lirateke.
Azkenik, petrolioaren hirugarren ezaugarri zoragarria, egun gasolio eta gasolinaren ordezko zuzen bakarrak diren bioerregaiek azaleratzen dute. Laborariek ondo baino hobeto dakitenez, bioerregaiak
era iraunkorrean eskala handian ekoiztuz gero, laborantza energetikoen produktibitateak hektareako tona petrolio baliokide batetik hurbil daude. Munduko petrolioaren kontsumoa garraio sektorean
ordezkatzeak ia 50 milioi kilometro karratuko eremuak eskatuko lituzke, FAOren arabera nekazaritzan (15,4 milioi km2) eta larre-eremuetarako (34,3 milioi km2) erabiltzen dena baino gehiago.
Petrolioa, baina, lur azpian daukagu, noiz erauziko zain, eta kontuan hartu gabe hura sortzeko milioika urte behar izan zirela.
Energia berriztagarriek, berriz, iraunkortasunaren ordaina dakarte: Naturan eskuragarri ditugun energia fluxuen zati bat baino ezin dugu atzeman. Zentzu horretan, ezin ahaztu, gainera,
elektrizitatea eta hidrogenoa energia bektoreak baino ez direla: haiek sortzeko behar den energia ere nolabait sortu behar da; garapen iraunkorreko eszenatoki batean, nagusiki fluxu berriztagarrien
ustiapenaren bidetik, haien mugekin batera.
Etorkizunean, fluxu berriztagarrien ustiapenak elikatutako garraio teknologiek gero eta pisu handiagoa izango dute. Hala ere, trantsizioa oso epe luzekoa izango da, eta oraindik berrikuntza
teknologiko garrantzi-tsuak eskatuko ditu, bereziki arlo batzuetan -berriztagarrien garapena, hidrogenoaren teknologia, elektrizitatearen bilketa eta abar-; horren bitartean, petrolioaren
deribatuek funtsezko izaten jarraituko dute, haien prezioa nabarmen igotzen delarik. Joera zentzuzkoena, etorkizunean energia kontsumoaren murrizketa nabarmen bat gertatzea baino ezin da izan.
Energia gutxiago kontsumitzea, hor dago gakoa. Posible al da? 2006ko uztailean, Suedian "Making Sweden an OIL-FREE Society" txostena plazaratu zen. Horretan, Suediak 2020 urterako petrolioaren
kon-tsumoa errepideko garraioan ia %50ean murrizteko asmoa agertu zuen, nagusiki energia kontsumoa murriztuz eta bioerregaiak erabiliz. 2007ko urtarrilean, Greenpeace eta EREC erakundeek
bultzatutako "energy [r]evolution - A SUSTAINABLE WORLD ENERGY OUTLOOK" txostenak 2050ean munduko energia kontsumo osoa egungoa baino murritzagoa izatea proposatzen du, beste neurri askoren artean,
aldaketa klimatikoari aurre egin eta energia sistemaren iraunkortasuna ziurtatzeko.
Europako Batzordeak neurri andana proposatu du berriki energia aurrezte eta petrolioarekiko mendekotasuna gutxitze aldera: 2020 urtera begira, energiaren %20 aurreztea jarri du helburu. Europako
Batzordearen dokumentuek esaten dutenez, aurrean daukaguna beste industri iraultza bat kontsidera daiteke ("An Energy Policy for Europe", 5. or.). Horren barruan, kontsumoa murrizteko beharra
funtsezkoa izango da. Irentsi al du holakorik sistema ekonomikoak? Ikusiko dugu. Ondoriak egundokoak izango dira.
Hala ere, aukera moduan ikusi behar dugu egoera. Zarrastelkeriaren gizartean, soiltasunerako dei indartsu bat ez letorkiguke batere gaizki. Eraginak ingurumenaren gainean ere, ezin hobeak izan
daitezke, aldaketak ondo bideratuz gero. Azkenik, garraio merkean oinarritzen den globalizazioak, desglobalizazio moduko prozesu bat jasan beharko luke. Noraino? Ez dakigu, baina globalizazioa
birpentsatzera behartuta egongo gara, ezbairik gabe.
Jeudi 5 avril 2007
4
05
/04
/Avr
/2007
13:17
-
Publié dans : Transport - Garraioa
0
Commentaires