Mario Zubiaga-rekin
Bigarren partea: “Estrategia honen helburu sakonena: balizko artikulazio soberanista apurtzea.”
Estatu modernoek itxurako legitimitate demokratikoz horniturik erabili dezaketen tresnarik bortitzena botere judiziala da, eta, Espainian, leia politikoa galduta dutela
ikusirik, aldaketa politiko hori oztopatzeko baliatu dituzte epaileak. Artikulatzen ari zen eremu soberanista hori, ahuldu, zatitu, kikildu nahi izan dute prozesu judizial hauen guztien bitartez.
Aldaketa demokratikoaren aldeko eragile muturrenekotik epelenera, guztiok gaude zigorraren mehatxupean. Bakoitza bere tamainan, noski: eragile bortitzak atxilotu, torturatu eta kartzelara
eramango dituzte, bertan usteldu arte (Parot doktrina…); ezker abertzale antolatua, legez kanporatua dago eta buruzagitza giltzapean, bere boto emaileak eskubide zibil eta politikorik gabe utzi
direlarik; hedabide abertzaleak itxi dituzte; kontsultak deitu nahi dituen Lehendakaria bera auziperatuta dago, eta, noski, desobedientzia zibila defendatzen dugunok ere, terrorista gisa,
zigortuak izan gara.
Gune soberanisten arteko zubiak eraikitzeko garaia da
Zentzu honetan, espiral errepresibo honen helburua ez da soilik independentismo oldartsua suntsitzea, eta ondorioz errendizio eredura eramatea, ez da soberanista zibilei
indar erakusketa egitea amore eman dezaten, ez da PP alderdiari diskurtso anti-terrorista lapurtzea eta PSOEk hauteskundeak irabaztea… Estrategia honen helburu sakonena balizko artikulazio
soberanista apurtzea da. Eliteen lerrotze eta deslerrotze prozesuak dira edozein aldaketa politikoaren giltza. Statu quo-aren aldeko eliteek, bertakoek eta Estatukoek, aldaketaren aldeko eliteen
deslerrotzea dute helburu, eta alderantziz. Gure kasuan, Estatuaren benetako mamua aldaketa soberanistaren aldeko eliteen artikulazio hegemonikoa da, eta artikulazio hori oztopatzeko espiral
mekanismoa piztea ezinbestekoa zaio sistemari: gehiegikeri batek bestea piztu dezan, eta ondorioz ñabardura guztiekin aldaketaren alde dauden indar sozial eta politiko abertzale eta ezkertiarrak
dinamika zentrifugora eramatea. Hauxe da Estatuak landutako gidoia. Noski, elite sistemikoak bertan ere badaude, baina sinplekeria eta akats politikoa litzateke elite horiek alderdi jakinekin
oso-osorik parekatzea. Konpromiso maila desberdineko gune soberanisten arteko zubiak eraikitzeko garaia da, ez zubiak dinamitatzekoa. Zubiak, pasabide -edo ihesbide- izateaz aparte, lotu, finkatu
egiten baititu ibaiertzak.
Hortaz, epaiketa hau, epaiketa hauek guztiak, Estatu estrategia sakonaren adierazpen gisa ulertu beharko genituzke aldaketa politiko demokratikoa nahi dugun euskal eragileok.
Horrela ulertu, eta neurriko erantzuna antolatu, eremu soberanistaren benetako indarra adierazteko beharrezkoak diren konpromiso-zubiak osatuz, aspaldion oztopoak bilakatu diren estrategia
militarrak baztertuz. Erabaki ausartak alde guztietatik hartu beharko lirateke, besteak egingo duenaren zain egon gabe. Sistema politikoak erabili dezaken azken lubakia da auzitegiena, benetako
lehia politikoa galduta daukanaren seinale. Ez gaitezen, bada, itsutu. Eskubideen bortxaketen zirimola ez da inoiz irtenbidea, are gutxiago garailearentzat. Polarizazio mekanismoa piztea
ezinbestekoa da edozein aldaketa politikoa bideratuko bada, baina aldaketa demokratikoa bultzatzen dugunok polarizazioa eremu egokira eraman behar dugu, ez sistemak nahi eta behar dituen
parametrotara.
Ez dezagun antzeztu beste batek idatzitako gidoia
Zesarrek zioen bezala: Divide et impera. Erdi Arotik hona, Espainiak, euskaldunen arteko zatiketagatik iraun du. Ez gaitezen izan, beti bezala, beste herri batek idatzitako
historian konpartsa. Ez dezagun an-tzeztu, ohi legez, beste batek idatzitako gidoia.
Benetan sinetsita bagaude Euskal Herria dela erasoa euskal gizarte eremu zabalak elkartuko dituen kontra-legitimitate sendoa osatu beharko li-tzateke, horretarako
kaltegarriak diren jarduerak, diskurtsoak eta protesta moldeak erabat alboratuz. Era berean, sistema judizialaren eraginkortasunaren oinarria den konplizitatea hautsi beharko litzateke -"baten
bat egongo da errudun"- eta, azkenean, erakundeen eta gizarte indarren uztarketaren bitartez, gure herrian inongo legitimitaterik ez duen botere judizialari betoa jarri. Euskal populazioak
hautatutako Lehendakari batek noiz arte eman beharko dizkio azalpenak epaile bati berea duen ardura politikoa burutu izanagatik? Noiz arte begirunea euskal herritarrak jarduera sozial eta
politiko zilegiengatik kartzelaratzen dituen auzitegiari? Noiz arte akatatuko da bertan inongo legitimitaterik ez duen botere judiziala?
Jarrera aldaketaren ezean, urte batzuk barru, sasoi historiko honen kronika egingo denean, Estatuaren gehiegikerien aurrean euskal gizarteak izandako otzantasunak zur eta lur
utziko ditu gure ondorenak. Egungo eragile abertzaleen itsukeriak harrituko dituen bezala.
“Analyse du procès 18/98 et de sa sentence”
Ce document est disponible au local de la Fondation Manu Robles-Arangiz à Bayonne et sur le blog d’Alda! à l’adresse suivante :
www.mrafundazioa-alda.org
Jeudi 31 janvier 2008
4
31
/01
/Jan
/2008
00:08
-
Publié dans : Réflexion abertzale - Abertzale gogoetak
0
Commentaires