Maialen Errecart / AEK-n erakasle
Atseginak partekatzeko eginak dira, euskaraz mintzatzea ere bai!
Izen emaiterat etortzen direlarik, euskara ikasi nahi duten gehienen gogo indarrak su haundiena hil dezake, ufaldi ttipi batekin ere. Gau Eskolaren gelan sarturik, heien ahalge, beldur, harrokeri
eta pazientzia eza ate gibelean uztea ezinbestekoa zaie, bidaiaren hasteko.
Egun hortatik goiti, euskara berenganatzen entseatuko dira, helburu ainitzak lortu nahian: ulertzeko doia jakin, elgarrizketa arruntak segurtatu, komunikazio bide berri ala arraberritu gisa
hartu, bizimodutzat erabili... euskarak badu hameka aurpegi.
Hizkuntza guziak bezala hots, bainan ez da hizkuntza guziak bezalakoa, eta hortarako dira denak hor, jakin gabe beti haatik zergatik. Egunez egun, ikasketa aintzina joan eta lehen haziak bildu,
euskalduntzen ari direnak kafiratik ateratzeko beharrean zaizkigu, ezinbestean. Haurtzaroko lehen esperientzak bizi izan diren bezala, bestearen soa eta eleen arabera hizkuntza berri hori beren
baitan haundiaraziko dute.
Bihurgune hortan dute euskararen bizi sakona ulertzen, zergatik hor den oraino eta zergatik joaiteko menturan den. Ohartzen dira nola batzuek euskara sobera maitaturik so beltzak jasaiten
dituzten eta nola, beste batzuek, sobera gutietsirik, ama hizkuntzari biharamun iluna hitzemaiten dioten.
Herrikoak ez direnentzat oharpen horrekin batera ezustea dator, eta gehienetan erronka betetzeko gogo indartsuagoa. Lur xoko huntan gizakien arteko mintzatzeko era milaka eta milaka urtez,
belaunaldiz belaunaldi, hizkuntza bakar bat izan da, paregabekoa, garai guziak gainditu dituena, gaur bide bazterrerat botatua dena. Bainan gaur ere, traba guzien gainetik, ezkortasuna, nekezia
eta halabeharra gibelean utzirik, biharko euskaldunak beren xedeari lotzen dira, hizkuntza honentzat duten errespetua lagun.
Itzaleko hizkuntza argirat itzularazteko gogoa
Lehen urratsak egiterakoan, euskaraz nola agurtzen den erakasiko diegu, nahiz kanpoan erdaraz erantzunen zaien, kortesia hitz guziak bezala, bainan hainbat gaixto. Aurkezterakoan nungoak diren
erraiten ere erakutsiko diegu, nahiz arrotz euskalduna entzutearekin batzuen bazterreko irria ikusiko duten, bainan hainbat gaixto.
Ezagutuz baita gainditzen, pareko kitzikaren zergatia aztertzen lagunduko ditugu, minaren iturria zoin izan den atxemaiten, norberak bere hizkuntza hein hortan uzteko eraman bidea hautemaiten.
Euskarak itzaleko hizkuntza bat izaiten segitzen du bainan ikasle horiek argirat itzularazteko sekulako indarra emaiteko gogoa dute.
Lehen etxean familian egiten zen bezala, hizkuntza Gau Eskolan taldean ikasten da bainan kanporat joaiteko ahalgerik ez du gehiago. Gune publikoetarat ateratzean, euskaldun berri batek hainbat
aste, hilabete, urtetan ikasi duena burgoi erakutsi nahi du, haren buruaz fida izaiten sustatua izan balin bada. Bultzatze horrek euskaldun giren guziengandik etorri behar du, berekoiki atxiki
nahi baitugu batzutan gure hizkuntza, gure izaite oso bat bezala, kontzienteki ala ez.
Atsegina... euskaraz biziz
Zernahi izanik ere, Gau Eskolako atea idekitzen dutenak berez bihozdunak direla erran daiteke, urrats honen egiteko gai izan baitira, bainan ain-tzina joaiteko atsegina atxemaiten badute baizik
ez dira egonen. Atsegin hori herria eta haren historioaren ezagutzari esker dastatuko dute, baita euskaraz egin daitezkeen guziak: literatura, an-tzerkia, zientziak, kantugintza, olerkigintza,
komertzioa, kirola, zuzenbidea, laborantxa, psikologia... eta argudiatu, hezi, maitatu, higuindu, besarkatu, oldartu, begiratu, gogoetatu, amets, nigar, irri egin...: bizi.
Herritar batzuen gogoan ez daitezke denak euskaraz egin, poderea eta seriotasuna itxuratzen duen erdararen bitartez baizik, hala ikasia izan baitzaie, euskaldun berriek haatik holako mugarik ez
dute, eta aske ibiltzen dira, aurriritzirik gabe, euskararen edertasunaz loriatuz.
Euskara ikasten ari denarekin ez dakigu beti nola mintzatu, euskaraz, haren ezagutza aberasteko, erdaraz, trabarik gabe komunikatzeko, edo bietarik pixka bat, bi helburuak betetzeko. Zailago da
oraino harekin erdaraz hitz egiteko usaia hartua dugularik, hizkuntza aldatzearekin harreman artifizial bat sortzen bagenu bezala. Ondorioz, aldaketak eragiteko uzkur baikira usu, biharamunerat
gibelatzeko joera dugu, bainan euskarak ezin du beha egon.
Euskaldun guzien ardura da gure hizkuntza eman eta ereitea, buraso, bizilagun, haurride, haur, lagun edo egun bateko ezagunekin ere. Hastapenean menturaz hitz bakar batzuen bitartez, egun batez
agian elgarrekin irri karkaila bat euskaraz bizitzeraino.
Atseginak partekatuak izaiteko eginak dira, euskaraz mintzatzea ere bai.
Jeudi 22 mai 2008
4
22
/05
/Mai
/2008
15:27
-
Publié dans : Euskaraz bizi!
0
Commentaires