Erramun Bachoc / Hizkuntzalaria
Hizkuntzalari baten gogoeta eta harridurak
Hitza, hizkuntza, hizkuntzalaria, hizkuntzalaritza. Hizkuntzalaritza edo linguistika zen ene lanbidea. Hikuntzalaritza aplikatuan badira ildo anitz: ene alor berezia soziolinguistika da,
hizkuntza zenbakiekin aztertzen delarik.
"Ehuneko ehun ginen, ehuneko hamar gara"!
Berrikitan kazetari baten artikuluak harritu nau: "Euskaldunak, lehen ehuneko 100 ginen, orain ehuneko 10 gara". Kasu! Ehuneko ehun, non eta
noiz? Suhuskunen bai ene denboran. Baina ez Euskal Herri osoan, biziki aspaldidanik. Velasco hizkuntzalari fidagarri baten arabera Lapurdin, Baxenabarren eta Xuberoan 1868an, 165.000 herritar
ziren. Eta heietan 80.000 euskaldun beraz %48.
Eta orain? Lau soziolinguistika inkesta baditugu "euskararen jarraipena" xeheki aztertu baitute 1991an, 1996an, 2001ean eta 2006an, azken hau aste honetan zabalduko dena. 1991an 16 urtez goragoko
209.000 herritar ginen eta heietan 69.000 egiazko euskaldun eta 15.000 "ia euskaldun" (konprenitzen eta doi bat mintzatzen). Beraz %33 elebidun eta ehuneko 7 elebidun hartzaile. Orotara 84.000
nolazpaiteko euskaldun, %40. Gaztetxoak eta haurrak bestalde. Zer beraz XIX. mendean baino gehiago? Posible dea?
Zorigaitzez 15 urtez euskararen gain-behera ez da gelditu. 2006an 52.000 euskaldun gara %25, eta 19.800 erdi-euskaldun %8,6. Gaztetxoak eta haurrak bestalde. Noizbait %10era jausteko bidean
girea? Ez dut uste.
Maldan gora goaz
Inkesta bakoitzean euskararen ezagutza adin multzoka aztertzen da. Bost adin multzo: gazteena 16-24 urtekoak, zaharrena 65 urte eta geihago. Artean beste hiru adin
multzo. Hola ikus daiteke euskaltasunaren heina zaharretan, gazteetan eta artekoetan. Nik lau inkestetako 20 adin multzoak lerrokatu ditut erdiguneko sorturtearen arabera. 10 edo 15 urteko adin
multzoak baitira, inkesta batetik bestera, berriz agertzen dira eta kurutzatzen dira teilak teilatuan bezala. Eta euskararen bilakaera badugu lehen inkestako lekuko zaharrenetik, laugarren
inkestako lekuko gazteeneraino. Lehen adin multzoa 1919 ingurukoa da, 20garrena 1986 ingurukoa.
Ene teilatu honetan, gauza harrigarriak ikusten dira. Adin multzoak gero eta erdaldunago direla 17garrena arte, %11,3 euskaldun, 1975 inguru sortuak direnekin. Hor dago peko erreka. Baina gero
adin multzoak gero eta euskaldunago direla, bat batean 4 pundu irabaziz 20garren adin taldean, %16,1, 1986inguru sortuak direnekin. Zer gertatu da? Ikastoletako eta gela elebidunetako ikasleak
estatistikan sartzen hasiak direla 16 urterekin.
Eta hemendik goiti gero eta gehiago sartuko direla. Alabaina gaur egun lehen mailan euskaraz ikasten dutenak %30,5 dira, ama eskoletan %37,5. Jadanik eskola herria baino euskaldunago da. Pentsa
dezakegu proportzio horrek urtero 2 pundu irabaziko dituela, hain segur %60 arte 2020an.
Beraz adin multzoen teilatua luza dezakegu, beste 15 urtez iganen dugun maldan gora. Prospektiba horrek zer erakusten digu? Eskualdunen kopurua jautsiko dela 2016a arte (%19). Adin talde xahar
euskaldunenak desagertzen baitira, eta oraingo adin talde ertain erdaldunagoak hor baitira eta agian luzaz. Baina gauzak doazen bezala joanez, bereziki irakaskuntzan, 2021etik goiti urtero
mila euskaldun gazte gehiago agertuko dira.
Euskaltasun berria
Geroari buruz zer erran dezakegu segurtasunez. 1. Euskaldunok ez garela sekulan %10etara jautsiko. 2. Adin talde gazteak gero eta euskaldunago izanen direla
Hegoaldean bezala. Elkarte bateko bilkuran xehetasun hauk eman nintuen "Ez dut erraiten irabaziko dugula, baina irabazten ari garela". Eta militante batek erantzun dit: "Erramun, ez holarik
erran!" Zergatik ez egia bada? Zergatik beti erakutsi behar dugu zakur herratuaren muturra? Nor iziarazi nahi dugu? Euskaraz bizi bai, baina zerua urdin.
Zeren eta kasu! Laugarren inkestak lehen aldikotz erakutsiko digu adin talde gazte bat zaharragoa baino euskaldunago. Baina inkesta berean gazteenak biziki epel agertzen dira euskalgintzari
buruz. Ala aments, erakusten diegun euskaltasun seriosa eta militantea ez zeien gustatzen! Antropologoek esplikatzen dute gure nortasuna "primordialista" dela, iraganari buruzkoa, historia,
ohiturak, kultura eta beste. Aldiz gazteak "konstruktibistak" direla, eraiki-tzaileak, beren nortasuna berek sortu nahiz geroari buruz, globalizazioa, Internet eta guzti.
Segur naiz sortuko diguten euskaltasunak harrituko gaituela. Agian bai.
Jeudi 3 juillet 2008
4
03
/07
/2008
13:00
-
Publié dans : Euskaraz bizi!
0
-
Recommander
Commentaires